Uztailean Lakarin haur-tailerrak
Udan sartzera goazen honetan, haur asko oporretan izango dira. Lakarin, halere, egongo da zer egina, 8-10 urte bitarteko haurrentzat elikadura, ekoizpen eta kontsumo jasangarriaren inguruan, 3 orduko iraupena izango duten 4 tailer antolatu baititugu, uztaileko 4 asteartetan, hain justu. Hasiera, beraz, uztailaren 5ean emango diogu Martxel Aizpurua erle-adituarekin. Bertan, erleak, polinizazioa, erle-produktuak eta horien aplikazioa sukaldean arloak landuko dira, besteak beste. Bigarren saioan, uztailaren 12an, berriz, Miren Prieto lakaritarrarekin baratze txiki baten sorrera ardatz hartuta tailer praktikoa egongo da; haziak ereiten, landareak zaintzen ikasi eta jolas didaktikoen bitartez landare aromatikoen mundua ezagutzeko aukera izango da. Uztailaren 19an Larreta Esnekiak-eko Leire Lizeaga izango dugu gurekin, eta esnekien mundura gerturatzeko aukera bikaina eskainiko digu era praktiko eta dibertigarrian. Bukatzeko, Leire Epelde lakaritarrarekin otordu osasuntsuen prestaketarako sukaldaritza-tailerra izango da, uztailaren 26an.
Adin-tartea zehaztu dugun arren, gazteago edo zaharragoak diren haurrek interesa balute, ez izan zalantzarik eta eman izena.
Haurrak baserritarren ekoizpenarekin, elikadura eta sukaldaritza osasuntsuarekin eta ingurumen jasangarriarekin harremanetan jartzeko aukera ederra delakoan gaudenez, animatuuu!