5 urte, bestelako etorkizunak elikatzen
Jaten duguna gara. Sukaldeko txokoren batean jartzeko moduko esaldia da aurrekoa. Une latz hauetan ordea, hozkailuko apalak janez husten diren gisan, ari dira husten gu guztion esperantza eta desirak. Etorkizun oparoak eta bizigarriak. Bestelako etorkizunak. Horregatik, hasierako esaldiak adiera berri bat beharko luke garaiotan. Jaten duguna izango gara.
Zenbaki borobilen urtean, Lakaritarrok ertzez jositako urteurrena dugu gaurkoa. Hamarkada erdi bat egin dugu dagoeneko elikadura osasungarri, burujabe eta eraldatzailearen bidezidorretan esploratzen. Tarteka bide arantzatsuetan, besteetan zelai berdeetan edota udazken koloreko basoetan. Aldapan edo ordekan, baina beti oinez. Bide berriak urratzen, eta aurrekoen lorratzetan hanka marka berriak marrazten. Gure neurriko markak. Hurrengoentzat jarraibide izango direnak.
Eta bidea ez dugu bakarrik egin. Gure komunitateatearen babesean egin dugu aurrera. Eman eta hartu, hartu eta eman. Eta horrela josi dugu hartuemanen sarea. Komunitatea. Elkar babestea, ez baita lelo bat. Hitz errenkada soil bat. Elkar babesteak, hitza baino ekintza eskatzen du. Ekitea. Egunerokoan, gutako bakoitzaren proiektutik. Bide berriak esploratu nahi dituztenen bidelagun izanez. Etorkizunak elikatzeko adina lur gureganatuz. Finean, agortu nahi dituzten etorkizunak, ekimen kolektiboz posible eginez.
Gurea aletxo bat gehiago da, pixkanaka Euskal Herriko txoko askotatik betetzen ari garen lakarian. Ez gaudelako prest besteek idatzitako etorkizunak bizitzeko. Etorkizun bizigarriak elikatzen jarraituko dugu!