Zarauzko landa eremuko emakumeekin berriketan ikerketa-lana

Otsailaren 6an, Zarauzko merkatu plazan, azken hilabeteetan ontzen jardun garen ikerketa-lana aurkeztu genuen jendaurrean.
Zarauzko Berdintasun Sailak udan plazaratutako beka eskuratu eta Zarauzko landa-eremuko emakumeen egoera ebaluatzeko azterlana egin dugu, ikerketa kualitatibo, feminista, ekintzailea eta parte-hartzailea oinarri hartuta.
Beka Lakariri esleitu diguten arren, lan honetan Asunek Behatokia, Mirene Begiristain (EHUko ikerlaria) eta beste hainbat emakume* konplizerekin batera ondu dugu; feministok* feminismotik, beraz.
Lan hau Zarauzko landa eremuko emakumeengana hurbiltzeko desiotik sortzen da. Desioa euren errealitatea ezagutzeko, bizimodua eta ibilbidearen aitortza egiteko eta beharrei bozgorailua jartzeko. Horrela, desio hori, ikerketa helburu zehatz batean bihurtu da: Zarauzko landa eremuko emakumeen datu eta bizipenetatik abiatuta Zarautzeko landa eremuko emakumeen arlo sozio-ekonomiko, sozio-kultural eta politikoaren erradiografia bat egitea.
Eta nondik abiatu gara? Hemen datu adierazgarri batzuk:
- Azken 25 urtetan %42,1 jaitsi da landa-guneko biztanleria Zarautzen. Egun, biztanleen %1,7 inguru bakarrik bizi da landa-gunean, eta horietatik ia erdia dira emakumeak*. Jaiotza-tasa baxuak, gainera, ere landa-inguruneko belaunaldien erreleboa arriskuan jartzen du.
- Landa eremuan zaintza-lanen feminizazioa dago oraindik, eta genero arteko aldeak handitu dira.
- Landa eremuko emakumeen* enplegu tasa gizonezkoena baino txikiagoa da. Lanaldi partziala batez ere emakumeek betetzen dute.
- Zarautzen, lehen sektoreko ustiategien emakumeen* titulartasuna gizonezkoen titulartasunaren erdia da.
Eta zein izan dira jasotako emaitza nagusienak?
- Landa-eremuaren kudeaketa ikuspegi murriztailetik egin izan da eta egiten da, eta ikuspegi sistemiko eta ekofeminista falta da.
- Nekazal bizimodua eta denboraren kudeaketa (denbora librea, aisialdia, zaintza pertsonala…) ez dira bizitza bizigarri baterantz hurbiltzen eta emakume* baserritarren kasuan hori okertu besterik ez da egiten.
- Landa-eremuaren eta, oro har, ingurunearen eta nekazal-jardueraren inguruko jakintza galtzen doa eta Zarauzko kaletarrek landa-eremua bizitzeko, begiratzeko eta babesteko ezjakintasuna adierazten dute. Landako emakumeak* gainera, historikoki, euren inguruaren zaintzaile izan dira, maiz modu ikusezinean eta aitortzarik gabe.
Eta honen aurrean zein da etorkizuna edo zer egin beharko genuke etorkizuna hobetzeko? Batetik, Politika publiko instituzionalek eta herritarrek landa-eremuarekiko duten deskonexioak landa eta kalearen arteko premiazko elkarrizketa eskatzen dute landa-eremuaren etorkizuna sustatzeko. Eta, bestetik, landa-eremuko emakumeen* arteko harremanak estutu behar dira, eta behar komunei modu antolatuan erantzuteko gaitasuna eraiki.
Baina dekalogo bat ere jaso dugu, landa-eremuko emakumeei* ahotsa eman eta beraien eskakizunak jasotzeko. Hau eta aurreko datu guztiak, laburpen moduan prestatu dugun diptiko honetan irakur ditzakezue, eta eskuragarri daude Lakari bertan eta Zarauzko Emakumeen* etxean.
Eta aurrerago, proiektu osoaren txostena ere eskuragarri jarriko dugu, gehiago sakondu nahi duenarentzat.
Horrenbestez, Landa eremuaren garrantzia eta protagonismorako ezinbestekoa da ulertzea ez dagoela herri posiblerik landa eremurik gabe, eta horretarako bai politika publikoak bai zarauztarren identitatean operatibizatzen duten irizpide kolektibo eta politikoak zein diren hausnartzea dagokigu. Zentzu horretan, lurraldearen antolamenduan landa eremua sakrifikatu daiteken eremu gisa hartzen jarraitzen bada, Zarauzko ekonomian, elikadura sisteman, hirigintzan, kulturan, euskaran, hezkuntzan isla izatea ekidinezina izango da, eta ondorioz Zarautz beraren herri identitatearen desegitean eta burujabetzaren galera gertatuko da. Hau da, ondorio nagusia da ulertzea Zarautzeko landa eremuaren eta baserriaren etorkizuna, Zarautz herriaren etorkizuna dela.
Ea lan hau Zarauzko landa-eremuaren eta bertako emakumeen bizitzak hobetzen hasteko lehen hazia den.
Informazio gehiagorako, irakurri GUKAk argitaraturiko albistea hemen.
