LAKARITARRAK
Tokiko elikagaien eta elikagai agroekologikoen erosketarako eta aholkularitzarako zein heziketarako zerbitzuak garatzen dituen 6 emakumez osatutako kooperatiba gara.
2015eko urriaren 29an zabaldu genituen gure ateak. Ordutik gure bizi-proiektua eraikitzen aritu gara, txikitasunetik, pausoz-pauso, eta Ekonomia Sozial Eraldatzailean, Olatukoopeko gainontzeko kideekin batera.
Argi genuen egungo elikadura- eta nekazaritza-ereduen atzean enpresa handien interes ugari daudela, eta horiek direla azken finean non eta nola jan behar dugun erabakitzen dutenak. Gure elikagaiak nola ekoitzi, eta nola merkaturatu ebazten dutenak. Egoera honi aurre egiteko, han-hemenka, gero eta pertsona gehiagok interesa du sasoian sasoiko eta bertako produktuak kontsumitzean, ingurugiroa zaintzean, osasuntsu elikatzean, tokiko ekonomia eta lanpostu duinak eta iraunkorrak sortzean, eta sortzen diren hondakinak eta erabiltzen den energia kudeatzeko modu arduratsuetan.
LAKARITARRAK
Ekimen horiek guztiek, gainera, tokiko garapenean eta inguru hurbilenean eragin sozial positiboa sortzea lortu dute. Nola? Bada, nekazari eta ekoizleen ogibidean lagunduz, kontsumitzailearen eta laborariaren arteko merkaturatze-bide berriak eraikiz, bi aldeentzat egokiak diren prezioak adostuz, jaten duguna kalitatezkoa dela bermatuz, bertako elikagaien kontsumoa handitzen duten heinean lanpostuak sortuz, kontsumo arduratsuaren esanahia eta indarra gizarteratuz eta ekimen ezberdinen arteko lankidetza-proiektuak elkarlanean antolatuz.
Pertsona ugarik hartu duzue parte gure komunitatean, eta eskerrak ematea besterik ez zaigu geratzen. Halere, egungo kontsumo- zein elikadura-ereduari alternatibak eskaintzeko lan handia dago egiteko oraindik. Horregatik, gurekin batera, txikitasunetik, eraldaketara batzeko gonbita luzatu nahi dizuegu. Lakari baietz esatea baita izan ginenari, garenari eta izango garenari; baietz esatea eraldaketari!