Elikaduraren ortzimugaz harago | Lakarik 8 urte

Gehienok, eta, batik bat, zarauztarrok elikadura eta kontsumo-denda bezala ezagutzen gaituzue. Bertaratu zaretenok tokiko elikagaien eta elikagai ekologikoen eskaintza zabala dugula badakizue; horietariko asko, gainera, soltean saltzen dugu, bakoitzaren beharretara egokitzeko eta elikagai-soberakinak saihesteko.

Gure sukaldeko platerak eta mokaduak ere dastatu dituzue ziurrenik.

Baina badira gure hainbat lan-eremu ezezagunagoak direnak. Eta, aizue! Lakari denda bat baino askoz gehiago da!

Gure sorreratik Olatukoop sareko kide gara. Izan ere, hastapenetik argi genuen lanaren burujabetza eta gure bizitzak erdigunean jarriko dituen proiektu kooperatiboak giltzarri direla gure ekonomia, lurraldea eta bizitzak hobetzeko. Eta, noski, gure arteko interkooperazioaren bidez lortuko dugula: bakarrik ezin da, lagunekin bai.

Bestalde, feminismoak eta ekonomia feministak gure ibilbidean geroz eta zentralitate handiagoa hartu du. Izan ere, emakumeak* gara bai, baina gure eguneroko praktiketan zailtasunak eta oztopoak ditugu gure zaintzak, bizigarritasuna, botere eta rol gatazkak eta beste hainbat lan behar bezala kudeatzeko, eta feminismoa ezinbestekoa zaigu elkar babestu, saretu, (des)ikasi eta bidea egiten jarraitzeko. Baina hortik harago, bizi garen sistemaren injustiziaz jabetzeko ere izan dira urte hauek. Beraz, eta ditugun pribilegioez jabe izanik, Euskal Herriko mugimendu feministari gertuagotik jarraitu eta gehiago inplikatzeko hautua egiten dugu.

Lakari proiektuaren garapena, baina, ezin dugu ulertu burujabetza estrategikoen aldeko apustu sistematikorik gabe. Elikadura burujabetza dugu ipar, horretarako, lanaren burujabetza eta interkooperazioa gure egunerokoaren ardatz hartuta. Hori dela eta, elikadura arloko beste hainbat proiekturekin elkarlanean gabiltza, EreindaJan Bergara, Elikagunea eta Biolurrekin, hurrenez hurren, eta Errigorako Zarauzko taldean eta beste hainbat ekimenetan parte-hartzen dugu. Hala ere, hori ez da nahikoa lan-merkatu kapitalistaren atzaparretatik alde egiteko eta beharrezkoa da bizitzaren eta lanaren erreprodukziorako ezinbestekoak diren beste hainbat esparrutan, kapital metaketatik harago, herritarron beharrak erdigunean jarriko dituen proiektu sozioekonomiko kooperatiboekin lan egitea. Gure kasuan, teknologia eta telekomunikazio libreak, finantza etikoak eta energia berriztagarriak ere Lakariren eguneroko erabileran txertatu ditugu, eta, horretarako Talaios, Abaila, Fiare eta Goiener kooperatibekin elkarlanean gabiltza.

Eta hori guztia nondik? Bada gure azken xedea herritik eta herriarentzat lan egitea da. Dena dugu eraldatzeko, eta, horretarako, gure ingurune hurbilenetik hasita, Zarauztik, eragin positiboa sortu nahi dugu, bestelako etorkizunak bizi eta elikatu nahi baditugu. Eta azken bi urteetan Zumaian Zkoop egitasmoa eta Alberga elkartearen sorreran lagundu izanak ilusio berezia egiten dugu. Guretzat garrantzitsua da bai Zarautzen, bai eskualdean ESEan eta tokiko garapen eraldatzailean jardungo duten erreferentziazko proiektuak sustatzea eta elkarrekin eraldaketara bidean proiektu eta ekimen berriak abian jartzea.

Azken 2-3 urteak zailak eta konplexuak izan dira, baina begi-bistan ditugu hainbat erronka eta mehatxu: merkataritza txikiaren gainbehera ikusten ari gara eta, horrek, berekin dakar herri eta auzoen bizitza eta harremanen galera (lan eta bizitza duinetarako ezinbesteko premisa, neoliberalismoak kontrakoa saltzen digun arren); zaintza-sistemaren krisia ere hemen dugu, eta, azaroaren 30ean izango den Greba Feminista Orokorra herri-lan prozesu luze baterako abiapuntua izango da: zaintza-komunitate zabalak eraikitzeko garaia da; euskara eta euskal kulturaren aurkako oldarraldi judiziala eta ekimen euskarafoboak ere puri-purian ditugu (Euskalgintzaren Kontseiluak azaroaren 4rako deitutako manifestazioan ez egoteko aitzakiarik ez dugu); eta, nola ez, krisi ekosoziala ere gure artean dugu jada. Trantsizio ekosozialerako proiektu eta ekimenetan jardutea dagokigu guri eta denoi!

Mundu mailako arazoak ere presente ditugu (Palestina, Marinaledako lur komunalak, Egungo gatazken sustrai kolonialak…) eta ezin dugu ez-ikusiarena egin; gure kooperatibatik elkartasunerako mekanismoak aktibatu eta herri-mobilizazioetan parte-hartzea ere badagokigu.

Laburbilduz, guk, gure harreman eta lankidetza-sareak baliatuz, bide berriak eraikitzen jarraituko dugu gure bizitzen eta lanen, eta, beraz, gure etorkizunen burujabe egiteko.

Amaitzeko, ezin eskerrak eman gabe geratu, Lakarin urte hauetan lanean aritu zareten Irati eta Joneri, eta, bidean gure ondoan izan zaituztegun lagun, bizikide, olatukide, familia eta beste hainbat konplizeri. Eta aitortza eta eskertze berezia Leire Epelde lankide eta lagunari. 8 urte hauetan bizitakoa zaila da lerro hauetan laburtzen, baina hau gero arte bat besterik ez da. Lakarik aurrera segituko du, ortzimuga berriak lantzen!