Ekintzaz ereindako herria, eguneroko uzta berria | Lakarik 10 urte

Hamarkada bat egin dugu dagoeneko elikadura osasungarri, burujabe eta eraldatzailearen bidezidorrean barrena. Tarteka bide arantzatsuetan, besteetan zelai berdeetan edota udazken koloreko basoetan. Aldapan edo ordekan, baina beti oinez. Bide berriak urratzen, eta aurrekoen lorratzetan hanka marka berriak marrazten.

Hamarkada bat pasa da lakaritarrok lehen alea erein genuenetik. Orduz geroztik kontsumo jasangarrian eragiten gabiltza, herritik eta herriarentzat; elikadura burujabetza dugu ipar, eta ekonomia feminista eta ekonomia eraldatzailearen baitan eraiki dugu gure oinarria. Duela hamar urtetatik gabiltza bestelako lan eta bizi proiektu bat posible dela sinisten. Hamar urte dira ateak zabaldu eta egunero bidea gurekin egiten hasi zinetela.

Hitz potoloak bota ditugu: kontsumo jasangarria, elikadura burujabetza, ekonomia feminista, ekonomia eraldatzailea. Ez pentsa orain hamar urte kooperatiba sortu genuenean, helburu horiek guztien lurreratze praktikoa nola egin bagenekienik. Gure ibilbide honetan erori, (des)ikasi, altxa, saretu, zaindu, denboraz jabetu, haserretu, negar egin, ospatu, politizatu, feminismoaz blaitu, bazkideak joan eta berriak etorri… Bizipenez jositako ibilbide hau ez da bakarka aritutako ibilbidea izan: saretua eta interkooperazioz betea izan da.

Gehienok, eta, batik bat, zarauztarrok elikadura eta kontsumo-denda bezala ezagutzen gaituzue. Bertaratu zaretenok tokiko elikagaien eta elikagai ekologikoen eskaintza zabala dugula badakizue; horietariko asko, gainera, soltean saltzen dugu, bakoitzaren beharretara egokitzeko eta elikagai-soberakinak saihesteko.

Zuetariko batzuek jada ezagutzen gaituzuen arren, ez dakizuenontzat, tokiko eta Euskal Herriko nekazal-ekoizpena, kontsumo jasangarria eta elikadura osasungarria sustatzeko asmoz sortu ginen, eta gure Zarauzko denda-topagunea da horren erakusgarri.

Gure sukaldeko platerak eta mokaduak ere dastatu dituzue ziurrenik.

Baina badira gure hainbat lan-eremu ezezagunagoak direnak. Eta, aizue! Lakari denda bat baino askoz gehiago da!

Gure sorreratik Olatukoop sareko kide gara. Izan ere, hastapenetik argi genuen lanaren burujabetza eta gure bizitzak erdigunean jarriko dituen proiektu kooperatiboak giltzarri direla gure ekonomia, lurraldea eta bizitzak hobetzeko. Askok galdetu izan diguzue zertan jarduten garen dendaz kanpo; bada Euskal Herriko txoko desberdinetan kooperatibismoa hedatu eta proiektu eraldatzaile berriak laguntzen gabiltza, Olatukoopeko beste kooperatiba batzuekin elkarlanean. Esaterako, Nafarroako Pirinioan eta Lizarraldean, despopulazioaren aurka tokiko garapen ekonomikorako estrategia finkatzen eta kooperatiba berriei laguntzen aritu gara, Bergarako Elikaenea proiektuko sukaldearen diseinua eta bideragarritasun-plana ezartzen lagundu dugu, berriki Aginaga Herri Kooperatiba sortzeko bidelaguntza egiten aritu gara, Zumaian, 2023an sortutako Alberga elkarteari, Zumaian Ekonomia Sozial Eraldatzailea sustatu nahi duen elkarteari, formazioa ematen eta beraien estrategian laguntzen aritu gara, iaz Zarauzko landa-guneko emakumeen inguruko diagnostikoa egin genuen agroekofeminismoko hainbat emakume eta eragilerekin.

Euskal Herriko sozioekonomia eraldatzailean, beraz, gure ekarpentxoa egiten gabiltza.

Bestalde, feminismoak eta ekonomia feministak gure ibilbidean geroz eta zentralitate handiagoa hartu du. Izan ere, emakumeak* gara bai, baina gure eguneroko praktiketan zailtasunak eta oztopoak ditugu gure zaintzak, bizigarritasuna, botere eta rol gatazkak eta beste hainbat lan behar bezala kudeatzeko, eta feminismoa ezinbestekoa zaigu elkar babestu, saretu, (des)ikasi eta bidea egiten jarraitzeko.

Lakari proiektuaren garapena, baina, ezin dugu ulertu burujabetza estrategikoen aldeko apustu sistematikorik gabe. Elikadura burujabetza dugu ipar, eta, elikadura arloko beste hainbat proiekturekin elkarlanean gabiltza, EreindaJan Bergara, Elikagunea eta Biolurrekin, hurrenez hurren, eta Errigorako Zarauzko taldean eta beste hainbat ekimenetan parte-hartzen dugu.Teknologia eta telekomunikazio libreak, finantza etikoak eta energia berriztagarriak ere Lakariren eguneroko erabileran txertatu ditugu, eta, horretarako Talaios, Abaila, Koop57 eta Goiener kooperatibekin elkarlanean gabiltza eta kasu batzuetan kooperatiba horietako bazkide erabiltzaile ere bagara.

Eta ezin ahaztu herrigintza ere. Aurten poz pozik gaude Ostadar playerotako kuir taldea babesteko aukera izan dugulako, baina auzo-jaiak, euskalgintza eta beste hainbat eremutan aktiboki parte-hartzeko konpromiso irmoa dugu. Izan ere kooperatibak ez dira gure kooperatibetan amaitzen: gure komunitate eta lurraldeari ekarpen positiboa egiteko jaio dira eta guk ere halaxe egingo dugu. Eta ezin aipatu gabe utzi, palestinar herriarekiko elkartasuna. Guk ere Palestinarren Bizitzen Aldeko mobilizazioetan eta ekimenetan parte-hartzen jarraituko dugu.

Baina bidea ez da hemen amaitu. Ez dakigu noiz arte jarraituko dugun hemen, izan ere, gure herriak eta lurraldeak kapitalaren metaketarako eremu potentzialak dira. Hauxe da asteburu honetan turistifikazioaren inguruan Bizilagunekin elkarteak antolatutako topaketetan Argiak jasotako titular eztabaidaezina.

Zarautzen ere tokiko merkataritza eta ostalaritza gainbeheran daude. Errelebo faltagatik nahiz alokairuan prezio altuengatik ixten ari dira herriko dendak eta tabernak. Kaleak husten ari zaizkigu, harremanak desegiten; etxebizitza-eskubidea geroz eta gehiago urratzen da turistifikazioaren eta espekulazioaren ondorioz, eta geroz eta gehiago dira herrian bertan bizi ezin duten zarauztarrak. Gurean ere eguneko 24 orduak lan egiten duten emakume migratuek zaintzen dituzte adineko pertsonak, eta banatzaile komertzialez gainezka daude etxepeak, 5 euroren truke erositako kaxen hartzaileen peskizan. Nor bere zilborrari so, goiko solairuan nor bizi den ezer gutxi inporta zaigun bitartean.

Gure ekonomia, lana eta bizitzak ekonomia kapitalistan adituak direnen esku daude gaur egun. Guk ordea argi dugu ekonomiaren berezko esanahira itzuli nahi dugula, ekonomia jende anitzek, leku desberdinetan, elkarrekin, pertsonen eta lurraldeen nahiak eta beharrak asetzeko baliabideak kudeatzea baita. Egia da herri bizigarri, feminista, jasangarri, hezitzaile eta euskaldun batetik urrun gaudela, baina ez gabiltza berandu oraindik. Gu tokiko ekosistema sozioekonomiko eraldatzailearen parte gara, eta harro gaude; baina jakin badakigu ez dugula dena aldatuko, are gutxiago bidea bakarrik urratzen badugu. Gurea aletxo bat gehiago da, pixkanaka Euskal Herriko txoko askotatik betetzen ari garen lakarian. Ez gaudelako prest besteek idatzitako etorkizunak bizitzeko.

Horregatik, hemen dator zuei egin nahi dizuegun eskaria: ekintzaz eta proiektu sozioekonomiko eraldatzaileez bete zuen auzo eta herriko kaleak eta elkarrekin irudikatu eta elikatu ditzagun etorkizun bizigarriak! Ekintzaz ereindako herria, eguneroko uzta berria baita!

Baina ezin dugu amaitu hainbati eskertzea egin gabe, etengabe aipatu dugun moduan, bidea ez baitugu bakarrik egin. Gure komunitatearen babesean egin dugu aurrera. Eman eta hartu, hartu eta eman. Eta horrela josi dugu hartu-emanen sarea. Komunitatea.

Eskertzea ekoizleei, baserritarrei, emakume baserritarrei. Egunero-egunero egiten duten lanagatik. Gure proiektua ez da posible zuek gabe.

Eskertzea orain 10 urte obran jardun ginen bitartean bere aletxoa jarri zuten guztiei eta gure “inozokerian” sinestera bultzatu gintuzuenoi.

Eskertzea ibilbide honetan guztian gurekin eskuz esku lanean jardun zaretenoi, eta, esker berezia Leire Epelderi.

Eskertzea, momentu malkartsuetan gure ondoan egon zaretenoi eta berriz altxatzen lagundu gaituzuenoi.

ETA NOLA EZ JUAN AKELINORI! Espazio eta proiektu hau ez bailitzateke posible izango zure eskuzabaltasunagatik ez balitz.

Gora zuek! Gora Lakari!