Bederatzigarren urteurren gazi-gozoa

Urriaren 29an beteko dugu gure bederatzigarren urteurrena, baina Zarautzen gaur bertan ireki berri den supermerkatuaren harira, gazi bihurtu zaizkigu egun gozoak, eta gure hausnarketa zuekin partekatu nahi izan dugu.

Zuetariko batzuek jada ezagutzen gaituzuen arren, ez dakizuenontzat, tokiko eta Euskal Herriko nekazal-ekoizpena, kontsumo jasangarria eta elikadura osasungarria sustatzeko asmoz sortu ginen, eta gure Zarauzko denda-topagunea da horren erakusgarri.

Hori gutxi balitz, gure inguruan eta lurraldean (Zarautzen eta Euskal Herrian), bestelako ekonomia bidezkoago, jasangarriago, feministago eta bizigarriago bat egiteko lanean ari gara. Eta hori lortzeko, gure lana modu kolektiboan antolatzen dugu, kooperatiba forman, eta Ekonomia Sozial Eraldatzailearen (ESEaren) printzipioetan oinarrituta, Olatukoop sarearen barnean.

Hitz ponpoxoak direla dirudi, baina ekonomia kapitalistan adituak direnek burtsaz, Barne Produktu Gordinaz… hitz egiten diguten bitartean, gu tokiko ekosistemaren parte gara, eta harro gaude. Guk ekonomiaren berezko esanahira itzuli nahi dugu, ekonomia jende anitzek, leku desberdinetan, elkarrekin, pertsonen eta lurraldeen nahiak eta beharrak asetzeko baliabideak kudeatzea delako.

Mikroekonomia egiten omen dugu, baina ba al da bertan lan egin eta bizitzea, denbora gehiago izatea (herrigintzarako, zaintzarako, aisialdirako…), etorkizun hobeak irudikatzea eta gure etorkizuna herritik herriarentzat egitea baino helburu handiagorik?

Bestalde, zein da Zarautzen errealitatea? Merkataritza eta ostalaritza txikia gainbeheran daude, kaleak hustu eta harremanak deseginez; etxebizitza-eskubidea gero eta gehiago urratzen da turistifikazioaren ondorioz, eta gutxi batzuen mesederako; zarauztar gehienek Zarauztik kanpo egiten dute lan… Herri feminista, jasangarri, hezitzaile, euskaldun eta bizigarriago batetik gero eta urrunago gaude!

Guk ez dugu dena aldatuko, baina bide bat egin dugu, eta saiatuko gara aipatutako ildo guztiei heltzen aurrerantzean ere. Ez da erraza bestelako etorkizunak “bakarrik” irudikatu eta elikatzea. Egoera larria da, eta berandu gabiltza.

Beraz, batetik, tokiko ekonomia eta herriaren antolaketan eskumena duten erakundeei politika publikoetan aldaketak egitea eskatzen diegu; eta bestetik, deia egiten diegu tokiko ekonomia eraldatzaile batean lan egiten duten (edo egin nahi duten) eragile eta herritarrei elkarrekin etorkizun berriak pentsatu eta praktikan jartzera (datozen hilabeteetan izango dituzue berri gehiago.)

Bitartean, ondo BIZI!

9 urte tokiko ekonomia eta bizitzak elikatzen

Oharra: Gaur bertan Imanol Epelde herrikideak egindako irakurketarekin bat egiten dugu: [Hemen irakurri]

Irudia · Lizentzia: https://pixabay.com/es/service/license-summary/