Hauspotu, herriak bizituz
Udalbiltzak sustatutako egitasmoaren helburua baldintza sozioekonomiko latzenak bizi dituzten eskualdeetan Ekonomia Sozial Eraldatzailea (ESE) bultzatzea izan zen.
Horretarako, Olatukoop sarearekin hitzarmena egin eta bertako bazkide garen heinean, Lakaritik proiektu honetan lan egiteko aukera izan genuen Talaios kooperatibako olatukideekin batera.
Lehen edizioan, formazio-jardunaldiak eskaini genituen Agoitzen, Argantzunen, Balmasedan, Garesen, Galozen (Izizen) eta Izuran eta ondoren, hainbat proiekturi bidelaguntza eskaini genion, ESEaren irizpideak oinarri hartuta, beraien ideiak aurrera atera eta tokian toki lan eta bizitzeko aukera bizigarriak irudikatzeko.
Bigarren edizioan (Hauspotu 2.0) urrats bat gehiago eman eta Hauspotu 1.0 edizioko bi eskualdeetan ekosistema kooperatiboak sortzea izan zen helburua: Enkarterriak eta Lizarraldea. Eta zer esan nahi dugu ekosistema kooperatiboak sortzea diogunean? Bada, tokian toki ekonomia kapitalistari aurre egin eta denon bizitzak erdigunean jarriko dituen ekonomia bat garatzeko, ESEan oinarritutako proiektuak sortzea bakarrik ez da nahikoa. Proiektu horien artean saretze eta interkooperazio-harremanak kontsolidatu eta lurralde-beharretara bideratutako ikuspegi sistemiko batekin lan egitea beharrezkoa da. Beraz, bigarren fase honetan, lan-saioak tokiko garapenean subjektu eraldatzaile izango diren pertsonei eta proiektuei prestakuntza eskaini eta proiektu estrategiko baten garapenean laguntza eskaini zaie.
Euskal Herriko lurralde zaurgarrienetan egoera zein den ezagutu eta lurraldeen artean egon behar duen kohesio-beharraz jabetzeko egitasmoa izan da, eta, baita herrigintza egiten duten pertsona zoragarriak ezagutzeko ere. Bejondeizuela!