Indarberrituta itzuli gara bestelako etorkizunak elikatzen jarraitzeko!
Sindemia garai hau ez da erraza izan inorentzat, baina uda honetan Argiak plazaratu duen “aktualitatearen gakoak” argitalpen berrian, gure bidelagun diren Olatukoopeko kideek «Burujabetzen ebakipuntuak, etorkizuneko kartografietan» artikuluan azaldu duten moduan, «deskonposizio garai honi aurre egiteko moduak baditugula sinetsi eta gure bizitza bizigarriak lortzeko kartografia berriak behar ditugu». Bide horretan, eta seigarren urtea betetzear garen honetan, prest gaude berriz ere ikasturte berriari ekin eta eraldaketaren bidean urratsak emateko.
Urte berri honetan, elikadura osasungarri, burujabe eta eraldatzailearen bidezidorretan lanean jardungo dugu. Egunerokoan gure denda eta sukaldea zabalik izango ditugu, eta aurten, gainera, dendan egindako ekipamendu aldaketa txikiekin, elikagai-eskaintza zabalagoa dugu. Mokadu-zerbitzuentzat, gure sukaldeko ateak ere berriz zabalduko ditugu, osasun-neurri aldetik eragozpenik ez badugu behintzat.
Bestalde, ekonomia sozial eraldatzailearen sustapenean eta horri loturiko, ekintzailetza sozial kooperatiboaren eta lurralde bizigarrien aholkularitza eta formazio-lanetan ere arituko gara, Olatukoopeko beste kooperatibekin lankidetzan.
Eta, azkenik, elikadura osasungarri, kontziente eta jasangarria lantzen dugun Jaki proiektuaren baitan, zerbitzu berriak eskainiko ditugu. Horren berri gehiago, irailean zehar jasoko duzue, eta urrian martxan jarriko gara zerbitzu-eskaintza berriekin.
Beraz, gure aletxoa jartzen jarraituko dugu Zarauzko txoko honetatik, beste elikadura, ekonomia, jendarte eta bizitza-eredu bizigarriagoak lortzeko.