Posted on

Batu festara gure I.urteurrenean

Datorren astean gure lehenengo urteurrena izango dugu! Ametsak betetzen joateko eta jendarte mundiala ezagutzeko parada izan dugu bitarte honetan, eta aurrera jarraitzeko ospakizun on bat bezalakorik ez dago. Horregatik, eta lakaritarron komunitatea sendotzen joateko, hainbat ekimen antolatu ditugu:

1. Urriak 22, larunbata. Igone Fanlok “Inprobisazioa eguneroko sukaldean” ikastaroa eman behar zuen, baina pena handiz bertan behera geratu da. Dena den, aurrerago egingo dugu beste saioren bat.

2. Urriak 26, asteazkena, 18:30. Amaia Diaz de Monasterioguren nutrizionistaren eskutik hitzaldi-tertulia izango dugu “Eskola Jantokia eta Elikadura Osasungarria” izenekoa. Gaur egun, asko dira eskola-jantokietan bazkaltzen duten haurrak, baina oraindik orain, ez dakigu gainerako otorduetan oreka nola topatu. Amaiak hitzaldi honetan, etxeko elikadura egoki baterako argibideak eskainiko dizkigu adibide praktikoekin. Zuen zalantzak bota eta tertulia eder batez gozatzeko aukera ederra izango da.

urriak-26-amaia

3. Urriak 28, ostirala, 19:30. Nordesia bermut galiziarraren dastaketa antolatu dugu Goñi ardotekako Amaya Goñirekin. 3 barietate probatzeko aukera egongo da (beltza, gorria edo zuria) mokadutxo batekin batera 2€ren truke. Larunbaterako aurre-beroketa paregabea!

bermut-dastaketa

Egitarau ofizialetik kanpo, gure bezero fidelentzat tailertxo berezi bat ere antolatu dugu ostiralean 18:00etan. Bertan, Maisorrek antxoak kontserbarako modu tradizionalean prestatzen erakutsiko digu. Pribilegio izugarria!

4. Urriak 29, larunbata, 12:00-14:00. Egun handia. Gonbidapen berezia luzatu nahi dizuegu Lakari Kooperatiba proiektua gertutik jarraitu eta bizi duzuen guztioi. Horretarako haurrentzat (eta helduentzat) mural margoketa, gure mokadutxoak, Zarautz Beer Companyko garagardoa eta Occhi di Farfallaren kontzertutxoa izango ditugu. Guretzat plazer handia izango da #sorginenbrindisa zuekin partekatzea. 

urriak-29-urteurrena

occhi-di-farfalla

#txikitikeraldatzen #etorkizunalantzen #elikaduraetakontsumojasangarrialantzen #ESEereiten jarraituko dugu zu(r)ekin #zureneurrira #zuenneurrira

Batu festara!

Posted on

Lakari, baietz esatea da eraldaketari!

Dagoeneko 2 urte inguru igaro dira, Zarauzko Azken Portu auzoan, gure kooperatibari Lakari izena jartzea erabaki genuen maiatzeko egun hartatik. Eta a zer nolako abentura orain arteko ibilbidea; nork esango zigun guri, gure etxeetako bulego inprobisatuetan, amesten genuen proiektua honaino iritsiko zenik. Izan ere,  makina bat komentario entzun behar izan genituen gure hastapenetan: “zuek erotuta zaudete”, “arrisku handiegia da gaur egungo egoeran”, “gehiegi amesten duzue” eta gisakoak. Baina hemen gaude aizue! Gure bizi-proiektua, txikitasunetik, pausoz-pauso eraikitzen, eta Ekonomia Sozial Eraldatzailean, Olatukoopeko gainontzeko kideekin batera, haziak ereiten eta bidea egiten.

Obra

Baina nondik dator Lakari proiektua? Lakaritarrok, beste hainbatek bezala, argi genuen egungo elikadura- eta nekazaritza-ereduen atzean enpresa handien interes ugari daudela, eta horiek direla azken finean non eta nola jan behar dugun erabakitzen dutenak; hortaz, beraiek zehazten dituzte gure elikagaiak nola ekoitzi, eta nola merkaturatu. Beste modu batean esanda, interes komertzialek bultzaturiko ustiapen/ekoizpen- eta merkaturatze-eredu ez-iraunkorrak ditugu nagusi, beti ere, etekin maximoa lortzeko helburuarekin. Egoera horretan, multinazional gutxi batzuk ateratzen dira irabazten; aldiz, herritar gehienok galtzaileen artean gaude.

Ondorioz, han-hemenka, gero eta pertsona gehiagok interesa du sasoian sasoiko eta bertako produktuak kontsumitzean, ingurugiroa zaintzean, osasuntsu elikatzean, tokiko ekonomia eta lanpostu duinak eta iraunkorrak sortzean, eta sortzen diren hondakinak eta erabiltzen den energia kudeatzeko modu arduratsuetan. Horren isla da eredu alternatiboetan lan egiten duten hainbat eragile eta erakunde, bai nekazaritza ekologikoan, bai kontsumo-kooperatiba agroekologikoetan, bai eskolako jantoki ekologikoetan, bai bidezko merkataritzan…

Ekimen horiek guztiek, gainera, tokiko garapenean eta inguru hurbilenean eragin sozial positiboa sortzea lortu dute. Nola? Bada, nekazari eta ekoizleen ogibidean lagunduz, kontsumitzailearen eta laborariaren arteko merkaturatze-bide berriak eraikiz, bi aldeentzat egokiak diren prezioak adostuz, jaten duguna kalitatezkoa dela bermatuz, bertako elikagaien kontsumoa handitzen duten heinean lanpostuak sortuz, kontsumo arduratsuaren esanahia eta indarra gizarteratuz eta ekimen ezberdinen arteko lankidetza-proiektuak elkarlanean antolatuz.

Jarduerak

Eta lakaritarrok ere norabide horretan pauso bat ematea beharrezkoa zela ikusi genuen. Horregatik, elikadura eta kontsumo jasangarriaren arloan, gure eskualdean erreferentziazko leku bat izateko asmoarekin jaio da Lakari Kooperatiba. Erosketa-esperientzia pertsonalagoa, etikoagoa eta osasuntsuagoa eskaintzeaz gain, heziketa (sukaldaritza ikastaroak, dastaketak, hitzaldiak…), aholkularitza (laborantzan, agroekologian, elikagai-eraldaketan, kontsumo jasangarrian eta elikaduran) eta ekintzailetasun-kolektiborako ekimenak ere martxan jartzea da gure helburua. Ondorioz, ekologia, osasuna, hurbiltasuna, tratu zuzena, abereen ongizatea, parte-hartzea eta eraldaketa soziekonomikoa dira sustatu nahi ditugun balioak.

Orain arteko prozesu honetan, ekimen eta pertsona ugarik hartu duzue parte gure komunitatean, eta eskerrak ematea besterik ez zaigu geratzen. Halere, egungo kontsumo- zein elikadura-ereduari alternatibak eskaintzeko lan handia dago egiteko. Horregatik, gurekin batera, txikitasunetik, alternatibara batzeko gonbita luzatu nahi dizuegu. Lakari baietz esatea baita izan ginenari, garenari eta izango garenari; baietz esatea eraldaketari!

Lakaritarrak+Olatukoop