Saski eraldatzaileak martxan
Eguberrietarako hilabete inguru geratzen diren honetan, jadanik prest dugu 2019ko saskien eskaintza!
Aurreko urteetan hasitako ibilbideari jarraipena emanez, aurtengoan ere saski goxoak, tokiko elikagaiekin osatuak eta “eraldatzaileak” prestatu ditugu. Otzara horietan, denetariko produktuak aurki ditzakezue (bertakoak, agroekologikoak eta bidezko merkataritzakoak), eta merkaturatze-bide laburren filosofia oinarri hartuta, zuzenean ekoizleengandik (bestelako bitartekaririk gabe) jasotakoak dira, gainera.
Iazkoari jarraituz, saskiak zuen nahiaren arabera pertsonalizatu ditzakezue, eta horretarako, eskaerak telefonoz kudeatuko ditugu aurten. Formulario bat prestatu dugu, baina gida moduan erabiltzeko izango da bakarrik.
Bestetik, hainbat gauza hartu beharko dituzue kontutan:
- Saskiak Lakariko dendan jasotzeko dira; ez dugu bidalketa-zerbitzurik.
- Saskiak gutxienez astebete lehenago eskatu behar dira (ekoizleei eskaerak egiteko tartea behar dugu).
- Saskietan aldaketak egon daitezke, baina zuekin adostuko genuke lehenago.
Beraz, beste aukera berri bat duzue elikadura osasungarriari, kontzienteari eta jasangarriari baietz esateko.