Posted on

LAKARI, zure neurrira.

IMG-20151021-WA0002-4

Azken mende erdian gure jendartea nola eta zein abiaduratan garatu da nagusiki? Bide horretatik norantz goaz, eta noiz arte? Geure buruari galdera horiek egin, gogoetan murgildu, eta hemen gatoz beste garapen eredu baterako norabidea hartuta. Lakarik ekonomia sozial eraldatzailea du oinarrizko printzipioetako bat eta elikadura zein osasuna modu iraunkorrago batean jorratuko ditu. Zure neurrira.

Hain zuzen ere, izenak izana ematen duenez, orain dela hamarkada gutxi oso ohikoa zen neurria hartu dugu markatzat: lakaria. Egurrezko tresna karratu hori baserri gehienetan egoten zen eta traturako erabiltzen zen batik bat. Azokan babarrunak saltzeko. Edota baserrira zetorren erostunari alea ondo neurtuta emateko. Beraz, lakariaren funtzionamenduak ematea eta hartzea ditu oinarrian. Lehenbizi, ereinez lurrari emandakoa uzta jasota hartzea; eta, gero, interesa zuenari nahi zuena ematea, hark kalitate goreneko elikagaiak har zitzan. Batzuetan diruz ordainduak, besteetan trukea eginda. Lakarin ere hartu emanak (eta eman-hartuak) landu nahi ditugu. Zure neurrira.

Lakaria bere garaiko umea da, ordea, eta senide ugari du: anega eta anega-erdikoa aleentzat, neurri-otarrak sagarrentzat, imia eta beste hainbat. Imia edo gaitzerua deitzen zaion tresnak eman dio irudia gure markari. Oreka eta proportzioaren bila, hamabi lakari sartzen diren egurrezko neurgailua hautatu dugu logoa marrazteko. Hamabi hilabete eta garaian garaikoa sartu ditugu imi horretan. Osasunak eta elikadurak ez dutelako etenik. Zer jan, hura izan. Eta guk ondokoari lehengai onak erosita jan nahi dugu. Garaikoa eta bertakoa, horixe da egiten dizugun proposamena. Zure neurrira.

Hitz zaharrei zentzu berria emanda, gure iraganarentzat etorkizuna ereiten ari gara. Hizkuntza bera dugunez, arazorik gabe ulertuko dugu elkar. Eta orain, hartu-emanetarako gune berria daukagu: Lakari. Zure neurrira.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude