Udaberriko menua zure neurrira!
Lakaritarrok gure hastapenetik beharra ikusi dugu, elikadura eta kontsumo jasangarria sustatzeko. Horregatik, gure ildoetariko bat elikadura-sistema osasungarriagoa eta jasangarriagoa lortzeko ekimenak bultzatzea da. Horretarako, beste hainbat kooperatibekin lankidetzan (Talaios kooperatiba, Artxara kooperatiba, TaPuntu Kooperatiba, AlaiOndo kooperatiba) eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko, Landa Inguruneko eta Lurralde Orekako Departamentuaren laguntzarekin, JAKI proiektua abian jarri dugu, eta, bertan, aholkularitza-zerbitzua eskaintzen hasiko gara elikadura osasungarri, kontziente eta jasangarria praktikan jarri nahi duen edonorentzat.
Covid19 dela-eta, egoera berezian aurkitzen gara, eta elikadura kontziente, orekatu, kalitatezko eta jasangarri baterako beharra agerian geratu da, beste behin. Eta guk, lakaritarrok, gure aletxoa jarri nahi dugu, asteko menu orekatuak, osasungarriak, prezioz duinak eta tokiko zein sasoiko produktuekin osatutakoak zure/zuen esku jartzeko. Aurrerago, lanerako baldintzak hobetu ahala, proiektuaren eta gure zerbitzu berrien inguruko informazio gehiago izango duzu(e).
Eta zer aurkituko duzu(e)n liburuxka honetan? Bada apirila, maiatza eta ekaineko sasoiko elikagaiak aintzat hartuta, 2 astetarako menu osasungarria prestatu dugu eguneko 5 otorduekin. Eta horrekin batera, bertan agertzen diren errezeten xehetasunak ere aurkituko dituzu(e), sukaldean aritzeko erraztasunak izan ditzazu(e)n. Errezeta horietan, gainera, profil nutrizionala, elikadura-mota eta beste hainbat informazio ere aurkituko duzu(e). Osagaien bat edo beste aldagarria izan daiteke, noski, eta tokian toki baserritarrek dituzten elikagaien arabera errezeta horiek moldatu ditzakezu(e) nahieran.
Beraz, maiatzaren lehenetik aurrera ere osasuntsu elikatu eta jarraitu erosketa erabakiekin elikadura burujabetzaren alde egiten!
—
Oharra: informazio gehiago nahi baduzu(e) idatzi jaki@lakari.eus e-postara.