Posted on

SUKALDARITZA BEGANOA

Udazkena eta ikasturte berria hastearekin batera, sukaldaritza-tailerrak abian jarriko ditugu berriz ere gure #LakariLab txokoan. Oraingo honetan, sukaldaritza beganoaren mundura hurbilduko gara. Izan ere, asko izan zarete, bi urte betetzear gauden honetan (urriaren 29an hain justu), sukaldaritza beganoarekiko interesa agertu duzuenak.

Hori dela eta, 4 saiotan banatutako hastapen-tailerra prestatu dugu  Eduard Alonsorekin (Aian bizi den Valentziarra). Berekin batera, eta sarrera moduan, Izaskun Sagartzazu lakaritarrak sukaldaritza beganoan erabiltzen diren elikagaiei buruzko elikadura-oharrak ere emango ditu, ondoren, etxean, otordu osasungarriak prestatzeko oinarri moduan.

Lau tailer horietan, denetarik landuko dugu: haragiaren ordezkoak, pateak, saltsak, kroketa eta hanburgesa/albondiga begetalak, arrautzarik eta esnekirik gabeko gozogintza…

Ikastaroak urria eta azaroan zehar burutuko ditugu, asteazkenetan, 18:00etatik 20:00etara, Lakari Kooperatiban. Saioak gaztelaniaz izango dira eta errezeta-bilduma euskaraz banatuko dugu. Horretaz gain, saio bakoitzean prestatutako mokaduak dastatzeko aukera ere izango duzue.

Elikadura beganoa jarraitzen ez duzuenontzat edota arrautza eta esnekiekiko intolerantziaren bat duzuenontzat ere aukera paregabea izan liteke sukaldaritza-mota honetara hurbiltzea, ideia berriak hartu eta gure eguneroko otorduetan mokadu berriak prestatzeko.

Dagoeneko izen-emate epea zabalik dugu. Horretarako deitu 943 133 694 telefono zenbakira edo idatzi info@lakari.eus helbide elektronikora.

Informazio gehiago (Klikatu hemen)

#sukaldaritzabeganoa #elikaduraosasungarria #ekinezikasi #LakariLab

Posted on

Igone Fanloren sukaldaritza-tailerrak: galdetegia

Gure sare sozialetan jarraitzen bagaituzue, ikusiko zenuten sukaldaritza-tailerrak antolatzen jarraitzen dugula lakaritarrok. Martxoaren 25ean, hain justu, Igone Fanlo Coach|rekin “Garbiketarako Udaberriko Sukaldaritza” tailer arrakastatsua izan genuen. 18 lagun bildu ginen bertan, eta, besteak beste, ondorengo plater goxo eta osasungarriak prestatzeko eta dastatzeko aukera izan genuen:

IMG-20170325-WA0013

  • Miso Zopa
  • Dilista gorri zopa azkarra
  • Kale aza eta garagar-entsalada garbantzu “croutons”ekin
  • Oshawa ogia
  • Orburuak eta borrajak almendrekin
  • Sagar eta udare konpota pomelo eta iltze aromarekin
  • Garbiketarako zuku berdea

Izandako harrera ona ikusirik, datozen hilabeteetarako eskaintza zabaldu nahi dugu. Horretarako, ordea, zuen iritzia jakin nahiko genuke. Eskertuko dizuegu, beraz, beheko galdetegia betetzea.

Eskerrik asko!

#sukaldaritzajasangarria #elikaduraosasungarria #LakariLab #hezkuntzatxokoa #ekinezikasi

Igone Fanloren sukaldaritza-tailerrak

  • Nahi beste ikastaro markatu ditzakezu.
  • This field is for validation purposes and should be left unchanged.

 

Posted on

Uztailean Lakarin haur-tailerrak

Udan sartzera goazen honetan, haur asko oporretan izango dira. Lakarin, halere, egongo da zer egina, 8-10 urte bitarteko haurrentzat elikadura, ekoizpen eta kontsumo jasangarriaren inguruan, 3 orduko iraupena izango duten 4 tailer antolatu baititugu, uztaileko 4 asteartetan, hain justu. Hasiera, beraz, uztailaren 5ean emango diogu Martxel Aizpurua erle-adituarekin. Bertan, erleak, polinizazioa, erle-produktuak eta horien aplikazioa sukaldean arloak landuko dira, besteak beste. Bigarren saioan, uztailaren 12an, berriz, Miren Prieto lakaritarrarekin baratze txiki baten sorrera ardatz hartuta tailer praktikoa egongo da; haziak ereiten, landareak zaintzen ikasi eta jolas didaktikoen bitartez landare aromatikoen mundua ezagutzeko aukera izango da. Uztailaren 19an Larreta Esnekiak-eko Leire Lizeaga izango dugu gurekin, eta esnekien mundura gerturatzeko aukera bikaina eskainiko digu era praktiko eta dibertigarrian. Bukatzeko, Leire Epelde lakaritarrarekin otordu osasuntsuen prestaketarako sukaldaritza-tailerra izango da, uztailaren 26an.

Adin-tartea zehaztu dugun arren, gazteago edo zaharragoak diren haurrek interesa balute, ez izan zalantzarik eta eman izena.

Haurrak baserritarren ekoizpenarekin, elikadura eta sukaldaritza osasuntsuarekin eta ingurumen jasangarriarekin harremanetan jartzeko aukera ederra delakoan gaudenez, animatuuu!