Posted on

Bina-bina, eraldatzen eta (agro)saretzen

Gu konturatzerako, 2.urteurrena ospatzeko eguna ere iritsi zaigu! Gora ta gora Lakari eta lakaritarrak! (Harrotasunez eta ez harrokeriaz, :D).

Hasieratik argi izan genuen egitasmo integral bat egikaritu nahi genuela elikadura eta kontsumo jasangarriaren arloan eta elikadura burujabetzaren bidean, agroekologia oinarri hartuta. Hori gutxi ez, eta beste ekonomia eredu batean sortu nahi genuen hori guztia, gure eta tokiko beharrei erantzun bat emateko, eta gure bizi-proiektuak eraikitzeko. Eta Ekonomia Sozial Eraldatzailean, eta, zehazki, Olatukoop sarean topatu genituen osagaiak.

Osagai guztiak eltze batean sartu eta egunez egun, goxo-goxo, zuentzat, gure komunitatearentzat, jaki eraldatzaileak prestatzen dihardugu.

Guretzat, bigarren urte hau berezia izan da, gure bizi-apustua sendotze aldera: denda eta sukaldearen zerbitzuak egonkortu ditugu produktu-eskaintzan hobekuntzak eginda; hainbat eragilerentzat (Zarauzko EHE eta AEK, KoopFabrika, Olatukoop, Kontseilua, UEU, Tabakalera,  Hernaniko Udala…) ekimen eta ospakizunetarako mokaduak prestatu ditugu, mokadu-zerbitzua indartuta; elikadura zein aholkularitzarako zerbitzuak martxan jarri berri ditugu; sukaldaritza-ikastaroekin jarraitu dugu, etab. luze bat.

Dibertsifikazio hori guztia, ezinezkoa izango litzateke saretze kooperatiboari heldu gabe. Eta horixe da hemendik aurrera ere gure konpromisoa: lankidetzan eta elkarlanean, proiektu eta zerbitzu eraldatzaileak eskaintzea gure komunitateari eta herriari! Horregatik, eskerrak ematea ere badagokigu, konfiantza, babesa, ilusioa eta indarra eskaini diguzuen guztioi! Zuei esker eta zuekin batera, zarauztarrok diogun moduan, bina-bina urteak betetzeko asmo irmoa dugu!

Hortaz, izan lakarilaguna eta elkarrekin, etorkizuna lantzen, elikadura eta kontsumo jasangarria lantzen, ESE ereiten, txikitik eraldatzen eta (agro)saretzen jarraituko dugu!

Posted on

Egin tokia elikadura eta kontsumo jasangarriari Eguberrietan

Gabonak iristear ditugun honetan, bagara familian, lagunartean… mahai baten inguruan biltzen jarraitzen dugunak. Jatordu horietan, tokiko ekoizpenetik zein ekoizpen jasangarria sustatzen duten ekoizleengandik eratorritako elikagaiekin gure sukaldeak, ezkaratzak zein gastronomia-txokoak betetzeko hautua egiteko gonbita luzatu nahi dizuegu. Eta bide horretan, hainbat eskaintza prestatu ditugu zuentzat.

Lehenik, eta iaz hasitakoari jarraipena emanez, saski goxo bezain “eraldatzaileak” prestatu ditugu. Aurten, gainera, gure online dendatik erostea erabakitzen baduzue, etxean jasotzeko parada ere izango duzue (abenduaren 15etik hasita). Otzara horietan, denetariko produktuak aurki ditzakezue (bertakoak, agroekologikoak eta bidezko merkataritzakoak), eta merkaturatze-bide laburren filosofia oinarri hartuta, zuzenean ekoizleengandik (bestelako bitartekaririk gabe) jasotakoak dira, gainera. Geografia aintzat hartuta, eremu hurbilenetik -Gipuzkoatik- hasita, Arizia, Sakona-Komuntzo etxalde ekologikoa, Maisor, Ezkurtxerri, Ondare, Basatxerri, Agerreburu, Urruzola, Alkartasuna Kooperatiba, Eguzki-Leire, Mala Gissona eta Zarautz Beer Companyko produktuak daude. Nafarroatik, berriz, Josenea, La Casa del Aceite, El Alcaravan, Conservas Maria Jesus eta Conservas Iturri etxeak hautatu ditugu. Azken lauak, gainera, Errigora egitasmoko ekoizleak ere badirela gogoratzea ez dago soberan. Arabako ardo ekologikoa ere presente dago “Herrigoia” ardo beltz ekologikoa medio. Eta Bizkaiatik Olatukoop sareko gure kide den Boga kooperatibako garagardoek ere bere tokitxoa dute noski! Euskal Herritik kanpo Katalunia, Aragoi, Galizia, Burgos eta Gaztela-Mantxako ekoizleak daude presente.

Eta, beste berrikuntza bat ere badute aurtengoan saskiek: kalitatezko elikagaiekin mokadu goxoa prestatzeko errezeta bat edo bi gehitu ditugu. Makina bat osagai, beraz, tokiko garapenari, osasunari eta jasangarritasunari baietz esateko.

Bestetik, sukaldean aritzeko gogorik edo denborarik ez baduzue, gure sukaldean mimo handiz prestatutako platerak ere ez dira faltako. Gure urtebeteko ibilbidean gure mokaduez gozatu ahal izan duzuenok, badakizue zertaz ari garen. Kroketak, piper beteak, krepak eta pate begetalak, horiek gure proposamenak! Hori bai, eskaerak aldez aurretik egitea beharrezkoa izango da; zehazki, abenduaren 24erako eta 25erako eskariak egiteko azken eguna, abenduak 19, astelehena, izango da. Abenduaren 31erako eta urtarrilaren 1erako, abenduak 26, astelehena. Eta urtarrilaren 5erako, berriz, abenduak 31, larunbata.

gabonetarako-platerak-2016

Postrerako eskaintza ere ez dugu ahaztu nahi izan, eta, aurten Eguzki-Leirek prestatutako turroiak (txokolatezkoa, esnegain eta intxaurrezkoa, arrautz gorringozkoa, gogorra, biguna eta frutazkoa) eta espeltazko polboroiak aurkituko dituzue gure dendan. Zergatik? Bada apustu sendoa egiten dutelako ekoizten dituzten elikagaietan erabilitako lehengai guztiak ekologikoak izan daitezen, eta ahalik eta bertakoenak, hots, Euskal Herrikoak.

Honenbestez, egin tokia elikadura eta kontsumo jasangarriari, eta, segi gurekin batera, #txikitikeraldatzen! #onegin!