Posted on

ELIKA ELKARREKIN proiektua: zure laguntza behar dugu!

Lakaritarrok “Elika Elkarrekin” izeneko proiektua abiatzea erabaki dugu, elikagai-kontsumitzaileen bizimoduari eta ohiturei egokitutako dieta eta garapen gastronomiko pertsonalizatu osasungarriak eskaintzeko, pertsona bakoitzaren behar dietetikoei egokitutakoak, eta, betiere, tokiko eta sasoiko produktuetan oinarrituta.

Baina horretarako, herritarren kolaborazioa eta parte-hartzea behar dugu, zuen elikadura- eta kontsumo-ohiturak ezagutu eta elikadura integralerako beharrak identifikatzeko. Ondoren, informazio honekin jakintza, esperientzia eta tresna teknologiko bat garatuko dugu, eta egitasmoaren azken fasean (2019ko apirilean eta maiatzean), sentsibilizazio eta zabalpen-ekimenak egingo ditugu: aholkularitza pertsonalizatuak, hitzaldi eta formazio praktikoak (elikadura eta sukaldaritza uztartuta).

Orokorrean, elikadura integrala lortu nahi duen pertsona ororentzat zuzenduta dago prestatu dugun galdetegia. Baina ondorengo profilak dituzten hartzaileen erantzunak asko eskertuko genituzke:

  • Anemia egoera duten emakumeak (18-45 urte bitartekoak)

  • Kirol-jarduera altuko pertsonak (4-5 aldiz astean)

  • 60-70 urte bitarteko pertsonak, beraien dieta aldatu behar dutenak (gantz, azukre edo gatz gutxiago)

  • Alergia edo intolerantzia bat duten pertsonak

  • Elikadura beganoa edo begetarianoa jarraitzen duten pertsonak.

  • Etxetik kanpo bizi diren ikasleak.

SARTU GALDETEGIRA

Zergatik eta zertarako proiektu hau?

Lakaritarrok gure hastapenetik beharra ikusi dugu elikadura osasungarri eta jasangarri baterako ekosistema garatzeko ekimenak sustatzeko, “Elikadura Osasungarriaren Euskal Plan”ean ondorengo datu ofizialak ikusita:

  • Gazteen %51,2k ez dute jaten fruta egunero.

  • Gazteen %82k ez dituzte jaten barazkiak egunero.

  • Gazteen %90ek ez dute egunero bost fruta eta barazki jatearen gomendioa betetzen.

  • Batez besteko gatz kontsumoa 9,6 g dira eta kontsumo gomendagarria 5g dira.

  • Batez besteko azukre kontsumoa 100g dira eta kontsumo gomendagarria 50g dira. Haurretan 37g dira.

  • Energiaren %42a gantzetatik dator (haurretan %39) eta ekarpen gomendagarria %30 da.

  • 3 haurretik 1ek (%30ek) gehiegizko pisua-obesitatea dute.

  • EAEko 3 heldutik 1ek hipertentsioa dauka.

  • 2 heldutik 1ek hiperkolesterolemia dauka.

  • EAEko gaixotasun kronikoen %95 elikadura-ohiturekin, elikagaien substantzia toxikoekin, nutrizio-gabezia jakin batzuekin edo ariketa fisikorik ezarekin lotuta daude, besteak beste.

  • EAEko Osasun Inkestak (EAEOI) erakusten du obesitatearen prebalentziak gora egiten duela desberdintasun sozioekonomiko eta kulturalen arabera.

Esan dezakegu, Elikadura Integrala kolektiboki/ komunitatean sustatzeko asmoz jaio dela Elika Elkarrekin proiektu hau. Baina nola ulertzen dugu elikadura integrala?

  • Osasungarria: garaian garaikoa eta tokikoa.
  • Jasangarria: sozialki, kulturalki, ekonomikoki eta ingurumenaren aldetik.
  • Kontzientea
  • Zentzuzkoa
  • Kalitatezkoa
  • Segurua

Era berean, tokiko elikadura balio-kate (sistema) osoa jasotzen duen ikuspegiarekin arituko gara (lehen sektoreko ekoizpenetik hasi eta elikagaien kontsumoraino/ prestaketarainoko eragile guztiak biltzen dituena).

Zer egingo da?

Tresna libreetan oinarritutako garapen teknologikoa egingo da, batik bat, Lakariko zerbitzuen dibertsifikazioa lortzeko eta kooperatibako helburuak asetzeko balioko du (elikagai agroekologikoek eta garaian garaikoek eskaintzen dituzten onurak oinarri hartuta, herritarrentzat elikadura osasungarri eta jasangarrirako aholkularitza-zerbitzua eskaini eta elikagai osasungarriak garatzeko prozesua abian jartzea). Baina, honek guztiak, elikadura eta kontsumoaren arloan euskaraz aritzeko aukera ere zabalduko du.

Elika Elkarrekin egitasmoan, beraz, ezaguera teknologikoa, praktikoa, kudeaketa arlokoa eta sormena aplikatuko dira, ideia eta konponbideak batera uztartuta, eta baita harremanak izateko beste modu batzuk garatuta ere. Ondorioz, gertutasunarekin, kooperazioan eta prozesu dinamiko eta parte-hartzaileen bidez, eta bakoitzaren aktibo bereizgarriak konbinatuta, luzera begira, elkarlan publiko-kooperatibo-komunitariorako aukerak ere eskaintzen ditu Elika Elkarrekinek.

Proiektuko Partaideak

Ez gara bakarrik arituko ordea; lankidetzan eta elkarlanean arituko gara diziplina arteko jakintza, esperientziak eta tresnak partekatuta.

Talde eragilea Lakari (Zarautz) eta Talaios (Orereta) kooperatibek osatzen dute, baina Elikagunea (Azpeitia) topagunea eta Zumaiena ikastetxearekin ere lankidetza egongo da proiektuaren hainbat fasetan.

Elikadura osasungarria eta jasangarria elkarrekin lantzera gonbidatzen zaituztegu!

Eskerrik asko!

SARTU GALDETEGIRA

Laguntzailea:

 

 

Irudia: Mariana Medvedeva on Unsplash

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude