Posted on

Aste Santuetarako egutegia

Jai-egunak begi-bistan ditugun honetan, eta etxe-aldiaren jarraipena dela-eta, gure ordutegia eta eskaerak egiten jarraitzeko aukerak zein izango diren azaldu nahi dizuegu:

  • Apirilaren 9, 10, 12 eta 13an, denda itxita egongo da; hau da, larunbata, apirilak 11 zabalduko ditugu ateak 9:00-13:30 ordutegiarekin eta apirilaren 14ean itzuliko gara, etxe-aldiko baldintzekin.
    • Larunbatean eskaerak jasotzeko, eskaera asteazken goizean egin beharko da (apirilak 8).
    • Larunbatean egiten diren eskaerak, astearte arratsalderako izango dira.
  • Eta gogoratu:
    • Erosketak, aldez aurretik egiteko, gure 618 56 02 47 telefonora egin, Telegram edo whatsapp kanalak erabilita.
    • Dendan ez dugu 3 pertsona baino gehiago sartzen utziko eta betiere, 1,5 metroko segurtasun-distantzia mantentzen bada. Bestela, kanpoan itxaron beharko duzue, segurtasun-distantzia bermatuta.
    • Ordainketa, ahal baduzue, kreditu-txartelarekin egin.
    • Tokiko oinarrizko elikagaiak kontsumitu! Bai Lakarin, bai tokiko produktuak eskuragarri dauden gainontzeko dendetan, eta nola ez, herrietan sortzen ari diren baserriko elikagaien erosketarako sareak erabilita!

Elkar zaindu gaitezen!

Eskerrik asko eta aurrera!

Posted on

Lakaritarron neurriak (II) Covid19 krisiaren aurrean

Lakari Kooperatiban, konfinamendurako iraupena luzatu dela eta, neurri zorrotzagoak hartu ditugu gure eta guztion lan- eta osasun-baldintza egokiak bermatzeko.

  • Martxoaren 24tik hasita gure ordutegia hauxe izango da:
    • Goizean: 9:00-13:30
    • Arratsaldean: 15:30-17:00 (eskaerak jasotzeko bakarrik)
    • Larunbatetan: 9:00-13:30
  • Erosketak, aldez aurretik, gure Telegram edo whatsapp kanaletik egitea eskatuko dugu, 618 56 02 47 telefonoan:
    • Eskaerak egiteko ordutegia 9:00-13:00 izango da. Hori horrela, goizean egindako eskaerak arratsaldean eta hurrengo goizean jasoko dira. Adibidez, astelehen goizean egindako eskaerak astelehen arratsaldean edo astearte goizean jasoko dira.
      • Larunbat goizean egindako eskaerak astelehen arratsaldean jasoko dira. Eskaerak astelehenean jasotzeko, eskaera ostiralean egin beharko duzue.
    • Eskaera ondo pentsatu, zerrenda bakarrean bidali eta saiatu astean gehienez bi aldiz eskaera egiten. Ekidin eguneroko erosketa txikiak.
  • Dendara etortzean kontutan izan ondorengoa:
    • Dendan ez dugu 3 pertsona baino gehiago sartzen utziko eta betiere, 1,5 metroko segurtasun-distantzia mantentzen bada. Bestela, kanpoan itxaron beharko duzue, segurtasun-distantzia bermatuta.
    • Ordainketa, ahal baduzue, kreditu-txartelarekin egin.
    • Familia bakoitzeko pertsona bakar bat etortzea eskatzen dugu.
    • Ez etorri umeekin edo helduekin erosketak egitera.
    • Arrisku-talde batekoa bazara ez etorri.
    • Eztula egiten baduzue, ukalondoarekin tapatu ahoa eta ez eskuarekin edo eskuekin.
    • Zuen esku jarri ditugun eskularruak jantzi eta amaitzean atearen ondoan dugun zaborrontzian bota.
  • Tokiko oinarrizko elikagaiak erostea gomendatu nahi dizuegu. Ez erosi beharrezkoa ez den elikagairik.
    • Gerta liteke elikagairen bat ez izatea. Kontutan izan behar dugu, gure ekoizle, baserritar eta hornitzaileen lan eta osasun-baldintzak, eta baita administrazio publikotik datozen beste neurriengatik eratorritako hainbat ondorio ere.

Elkar zaindu gaitezen!

Eskerrik asko eta aurrera!

Posted on

Saski eraldatzaileak martxan

Eguberrietarako hilabete inguru geratzen diren honetan, jadanik prest dugu 2019ko saskien eskaintza!

Aurreko urteetan hasitako ibilbideari jarraipena emanez, aurtengoan ere saski goxoak, tokiko elikagaiekin osatuak eta “eraldatzaileak” prestatu ditugu. Otzara horietan, denetariko produktuak aurki ditzakezue (bertakoak, agroekologikoak eta bidezko merkataritzakoak), eta merkaturatze-bide laburren filosofia oinarri hartuta, zuzenean ekoizleengandik (bestelako bitartekaririk gabe) jasotakoak dira, gainera.

Iazkoari jarraituz, saskiak zuen nahiaren arabera pertsonalizatu ditzakezue, eta horretarako, eskaerak telefonoz kudeatuko ditugu aurten. Formulario bat prestatu dugu, baina gida moduan erabiltzeko izango da bakarrik.

Bestetik, hainbat gauza hartu beharko dituzue kontutan:

  • Saskiak Lakariko dendan jasotzeko dira; ez dugu bidalketa-zerbitzurik.
  • Saskiak gutxienez astebete lehenago eskatu behar dira (ekoizleei eskaerak egiteko tartea behar dugu).
  • Saskietan aldaketak egon daitezke, baina zuekin adostuko genuke lehenago.

Beraz, beste aukera berri bat duzue elikadura osasungarriari, kontzienteari eta jasangarriari baietz esateko.

SARTU ESKAERA-ORRIRA

Posted on

Urte amaiera ere zure neurrira!

Badoa guretzat garrantzitsua izan den 2018 urte hau. Gure jarduera egonkortu eta proiektu berrietan murgil egin dugu beste behin.

Eta, noski, hau guztia posible izan da, elikadura eta kontsumo jasangarriaren eta ekonomia sozial eraldatzailearen olatuarekin bat egin duzuen komunitateari esker. Milioi bat esker on lakaritarron aldetik!

3 urte bete ditugun honetan, zure/zuen neurrirako zerbitzuak ematen jarraitzen dugu, eta urtero legez, eguberrietara begirako hainbat eskaintza ditugu oraingoan ere:

  • Nahieran egiteko saski eraldatzaileak
  • EguzkiLeirek Amezketan egindako turroi eta polboroiak.
  • Lakariko plater goxoak

Amaitzeko, 3 urte hauek, gure 3 saski zozketatzen ospatu nahi dugu. Hortaz, Lakarira etortzen zareten orok aukera izango duzue, tokiko produktuen otartxoez gozatzeko eta, bide batez, gure bizi-proiektua aurrera eramaten laguntzeko.

 

Posted on

Ekoizpenean arreta jarrita, elikadura burujabetzarantz

Miren Prieto lakaritarra Hamaika Telebistaren erreportaje labur honetan agertzen da Urolapiko proiektua azaltzen.
Labore Bilbo proiektua zertan datzan ikusteko ere aukera duzue.
Ekoizpena eta kontsumo jasangarria ardatz hartuta, laborariak eta kontsumitzaileak saretzeko lanean gabiltzan gero eta proiektu gehiago gara!

Posted on

ELIKA ELKARREKIN proiektua: zure laguntza behar dugu!

Lakaritarrok “Elika Elkarrekin” izeneko proiektua abiatzea erabaki dugu, elikagai-kontsumitzaileen bizimoduari eta ohiturei egokitutako dieta eta garapen gastronomiko pertsonalizatu osasungarriak eskaintzeko, pertsona bakoitzaren behar dietetikoei egokitutakoak, eta, betiere, tokiko eta sasoiko produktuetan oinarrituta.

Baina horretarako, herritarren kolaborazioa eta parte-hartzea behar dugu, zuen elikadura- eta kontsumo-ohiturak ezagutu eta elikadura integralerako beharrak identifikatzeko. Ondoren, informazio honekin jakintza, esperientzia eta tresna teknologiko bat garatuko dugu, eta egitasmoaren azken fasean (2019ko apirilean eta maiatzean), sentsibilizazio eta zabalpen-ekimenak egingo ditugu: aholkularitza pertsonalizatuak, hitzaldi eta formazio praktikoak (elikadura eta sukaldaritza uztartuta).

Orokorrean, elikadura integrala lortu nahi duen pertsona ororentzat zuzenduta dago prestatu dugun galdetegia. Baina ondorengo profilak dituzten hartzaileen erantzunak asko eskertuko genituzke:

  • Anemia egoera duten emakumeak (18-45 urte bitartekoak)

  • Kirol-jarduera altuko pertsonak (4-5 aldiz astean)

  • 60-70 urte bitarteko pertsonak, beraien dieta aldatu behar dutenak (gantz, azukre edo gatz gutxiago)

  • Alergia edo intolerantzia bat duten pertsonak

  • Elikadura beganoa edo begetarianoa jarraitzen duten pertsonak.

  • Etxetik kanpo bizi diren ikasleak.

SARTU GALDETEGIRA

Continue reading ELIKA ELKARREKIN proiektua: zure laguntza behar dugu!

Posted on

Sukaldaritza Beganoa: II. Hastapen-Ikastaroa

Aspaldiko partez, #LakariLab txokoa martxan izango dugu sukaldaritza beganoko tailerrekin. Kasu honetan, berriz ere, 4 saiotan banatutako hastapen-tailerra prestatu dugu  Eduard Alonsorekin (Aian bizi den Valentziarra). I. ikastaroan izandako arrakasta ikusita, asko izan zarete interesa agertu duzuenak eta bagatoz, beraz, ekimen honekin bigarren aldiz.

Lau tailer horietan, aurrekoaren eduki berak landuko ditugu: haragiaren ordezkoak, pateak, saltsak, kroketa eta hanburgesa/albondiga begetalak, arrautzarik eta esnekirik gabeko gozogintza… Errezetatan aldaketatxo batzuk egingo ditugun arren, aurreko saioetara etorri ez zinetenoi zuzenduta dago.

Saioak gaztelaniaz izango dira eta errezeta-bilduma euskaraz banatuko dugu. Horretaz gain, saio bakoitzean prestatutako mokaduak dastatzeko aukera ere izango duzue.

Elikadura beganoa jarraitzen ez duzuenontzat edota arrautza eta esnekiekiko intolerantziaren bat duzuenontzat ere aukera paregabea izan liteke sukaldaritza-mota honetara hurbiltzea, ideia berriak hartu eta gure eguneroko otorduetan mokadu berriak prestatzeko.

Tailerrak 18:00etatik 20:00etara, Lakari Kooperatiban burutuko ditugu, apirilaren 10ean, 17an, 24an eta 26an. Saio bakoitzaren prezioa 18 € da, baina 4 tailerretara etorriz gero, 15€ izango da saio bakoitza (60 € guztira).

Dagoeneko izen-emate epea zabalik dugu. Horretarako deitu 943 133 694 telefono zenbakira edo idatzi info@lakari.eus helbide elektronikora.

#sukaldaritzabeganoa #ekinezikasi #LakariLab

Posted on

Bina-bina, eraldatzen eta (agro)saretzen

Gu konturatzerako, 2.urteurrena ospatzeko eguna ere iritsi zaigu! Gora ta gora Lakari eta lakaritarrak! (Harrotasunez eta ez harrokeriaz, :D).

Hasieratik argi izan genuen egitasmo integral bat egikaritu nahi genuela elikadura eta kontsumo jasangarriaren arloan eta elikadura burujabetzaren bidean, agroekologia oinarri hartuta. Hori gutxi ez, eta beste ekonomia eredu batean sortu nahi genuen hori guztia, gure eta tokiko beharrei erantzun bat emateko, eta gure bizi-proiektuak eraikitzeko. Eta Ekonomia Sozial Eraldatzailean, eta, zehazki, Olatukoop sarean topatu genituen osagaiak.

Osagai guztiak eltze batean sartu eta egunez egun, goxo-goxo, zuentzat, gure komunitatearentzat, jaki eraldatzaileak prestatzen dihardugu.

Guretzat, bigarren urte hau berezia izan da, gure bizi-apustua sendotze aldera: denda eta sukaldearen zerbitzuak egonkortu ditugu produktu-eskaintzan hobekuntzak eginda; hainbat eragilerentzat (Zarauzko EHE eta AEK, KoopFabrika, Olatukoop, Kontseilua, UEU, Tabakalera,  Hernaniko Udala…) ekimen eta ospakizunetarako mokaduak prestatu ditugu, mokadu-zerbitzua indartuta; elikadura zein aholkularitzarako zerbitzuak martxan jarri berri ditugu; sukaldaritza-ikastaroekin jarraitu dugu, etab. luze bat.

Dibertsifikazio hori guztia, ezinezkoa izango litzateke saretze kooperatiboari heldu gabe. Eta horixe da hemendik aurrera ere gure konpromisoa: lankidetzan eta elkarlanean, proiektu eta zerbitzu eraldatzaileak eskaintzea gure komunitateari eta herriari! Horregatik, eskerrak ematea ere badagokigu, konfiantza, babesa, ilusioa eta indarra eskaini diguzuen guztioi! Zuei esker eta zuekin batera, zarauztarrok diogun moduan, bina-bina urteak betetzeko asmo irmoa dugu!

Hortaz, izan lakarilaguna eta elkarrekin, etorkizuna lantzen, elikadura eta kontsumo jasangarria lantzen, ESE ereiten, txikitik eraldatzen eta (agro)saretzen jarraituko dugu!

Posted on

SUKALDARITZA BEGANOA

Udazkena eta ikasturte berria hastearekin batera, sukaldaritza-tailerrak abian jarriko ditugu berriz ere gure #LakariLab txokoan. Oraingo honetan, sukaldaritza beganoaren mundura hurbilduko gara. Izan ere, asko izan zarete, bi urte betetzear gauden honetan (urriaren 29an hain justu), sukaldaritza beganoarekiko interesa agertu duzuenak.

Hori dela eta, 4 saiotan banatutako hastapen-tailerra prestatu dugu  Eduard Alonsorekin (Aian bizi den Valentziarra). Berekin batera, eta sarrera moduan, Izaskun Sagartzazu lakaritarrak sukaldaritza beganoan erabiltzen diren elikagaiei buruzko elikadura-oharrak ere emango ditu, ondoren, etxean, otordu osasungarriak prestatzeko oinarri moduan.

Lau tailer horietan, denetarik landuko dugu: haragiaren ordezkoak, pateak, saltsak, kroketa eta hanburgesa/albondiga begetalak, arrautzarik eta esnekirik gabeko gozogintza…

Ikastaroak urria eta azaroan zehar burutuko ditugu, asteazkenetan, 18:00etatik 20:00etara, Lakari Kooperatiban. Saioak gaztelaniaz izango dira eta errezeta-bilduma euskaraz banatuko dugu. Horretaz gain, saio bakoitzean prestatutako mokaduak dastatzeko aukera ere izango duzue.

Elikadura beganoa jarraitzen ez duzuenontzat edota arrautza eta esnekiekiko intolerantziaren bat duzuenontzat ere aukera paregabea izan liteke sukaldaritza-mota honetara hurbiltzea, ideia berriak hartu eta gure eguneroko otorduetan mokadu berriak prestatzeko.

Dagoeneko izen-emate epea zabalik dugu. Horretarako deitu 943 133 694 telefono zenbakira edo idatzi info@lakari.eus helbide elektronikora.

Informazio gehiago (Klikatu hemen)

#sukaldaritzabeganoa #elikaduraosasungarria #ekinezikasi #LakariLab

Posted on

[Sukaldaritza-tailerra] Barazki eta entsalada sortzaileak

Uda iristear dago, eta bagatoz Igone Fanlo Coach|ren sukaldaritza-ikastaro berri batekin.

Oraingo honetan, eta zuetariko batzuek apirilean argitaratu genuen online galdetegiari txukun-txukun emandako erantzunak aintzat hartuta, “Barazki eta entsalada sortzaileak” showcooking-tailerrarekin gatoz oraingo honetan. Sukaldaritza-tailerra arratsaldeko 18:00etan hasiko da gure egoitzan, eta 2 orduko iraupena izango du gutxi gorabehera.

Bertan, Igonek barazkiak edo ortuariak prestatzeko hainbat modu erakutsiko dizkigu: mozketa- eta beratze/mazerazio-teknikak, konbinazio goxoak, ongailu eta gatzozpintzerako hainbat aukera…

Hortaz, ikastaroaren ostean, denbora eta ideia gabezia ez dira aitzakia izango sukaldean aritzeko.

#sukaldaritzajasangarria #elikaduraosasungarria #LakariLab #hezkuntzatxokoa #ekinezikasi

Eman izena!

Izen-ematea

  • Price: 22,00 € Quantity: